XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orain, lerrook idazterakoan, irarak jotzen nau.

Orduan, baina, zinez, buru-bihotzak hotz nituen.

Lehorteetan eta, urarekin osatzen gintuen putzu handi bat zegoen gure etxaburuan.

Oso debekatua genuen hara joatea.

Gu, ostera, gurasoen isilik, arras gustora hurbiltzen gintzaizkion denbora pasa.

Urgeldi hark indar liluragarria zuen gu haurrok erakartzeko.

Zotzak hartu, uretara bota eta arbasta batez harantzhonantz zuzentzen genituen, itsasontziak bailiran.

Poza zerion nire ahizpari; inongo goganbeharrik gabe, oihuka eta barrezka ari zen zotzei eragiten.

Holako batetan, ur ertzera makurtu zen denboran, hotz hotzean bi eskuez putzura bultzatu nuen.

Zaplastada bat eta Uzuriren gorputza goroldioz estaliriko ur berdeetan murgildu zen.

Segundu batzuren ondoren, ordea, agertu egin zen ur azalean.

Begi handi handi, harriturik begiratu zidan eta berriz ere hondora jo zuen, ikaragarrizko etsipen keinua eginez.

Ni lasterka etxera joan, soinekoak erantzi eta gaixoaren itxura egiteari jarraitu nintzaion.

Arratsaldeko laurak aldean, amak erdizoraturik, hauzoko lagun batzuk hartuta, Uzuriren gorpua putzutik atera zuen.

Nire mendekua osoa izan zen.

Inori ez zitzaion bururatu ere berezko ezbeharra izan ez zenik.

Gurasoak betiko jota gelditu ziren.

Aita handik bost urtetara nahigabearen nahigabez hil egin zen.

Uzuri, Uzuri, izan ziren haren hondar hitzak.

Amak edanari eman zion eta azkenean eroetxera eraman behar ukan zuten.

Ni Iruñeara neskame etorri eta hilabete batzuren buruan alargun aberats okitua zen etxeko nagusiarekin ezkondu nintzen.

Geroztik ez dut zapaldu gure bazterretxe madarikatua.